GERNIKA KESB 59 – 54 KIROLAK ARABA
Partidak 2 atal oso ezberdinak izan zuen: lehenengo 20 minutuak eta azken bi laurdenak. Lehenengo 20 minututan ideiarik gabe eta lotan atera ginen kantxara. Ez genekien zer egin Gernikak planteatutako zonakako defentsa gainditzeko. Erasoan bakoitzak berea egiten zuen, ideia argiak izan gabe. Defentsan ordez pixka bat hobeto geunden eta Gernikak ez zuen saskiratzea lortzen. Atsedenaldian Gernika 23 – Kirolak Araba 13.
Aldageletan ideiak eta kontzeptuak argitu genituen eta hori partidaren bigarren zatian islatu zen, hirugarren laurdenean 26 puntu lortuz. Partidari buelta eman genion eta 5 puntuko abantaila lortu genuen markagailuan. 2 minutu falta zirenean puntu bakar batetik galtzen genuen, baina 2 minutu horietan Gernikak hobeto jokatu zuen eta garaipena eraman zuen.
Partida honekin bukatzen dugu gure parte hartzea Euskal Ligan. Taldea hazi da eta poliki- poliki aurrerapenak egin ditu. Lan handia gure jokalariek egin dutena eta harro egon behar dira. Orain Arabako F4 geratzen zaigu eta heldu arte, hazten eta aurreratzen jarraituko dugu.
Azken albisteak